conversación en la educación

Jatorri greziarra duen hitz honek jakinduriarekiko maitasuna (filo=maitasuna; sofia=jakinduria) esan nahi du.

Filosofia = jarrera filosofikoa

Sokratesek zioenaren arabera, filosofoa ez da jakintsua ezta ez-jakina ere, filosofoa jakinduriaren bila dabilena da. Hori dela eta, filosofia jarrera mota bat dela ondorioztatu dezakegu. Filosofoak bizitzari aurre egiten dio, jokabide aktiboa erakusten du bizitzaren aurrean, inguratzen duenari buruz galdetuz eta ikertuz.

Filosofoa filosofatzen duena da: galdetzen duena, ikertzen duena, arakatzen duena, miatzen duena...

Filosofia mirespenetik sortzen da

Aristotelesen arabera, filosofia mirespenetik sortzen da. Filosofatzen hasteko zerbaitek harritu egin behar gaitu, orduan ekiten baitiogu galderak egiteari. Hasieran, gertuko gertaera arruntek eraginda hasiko gara filosofatzen, baina pixkanaka-pixkanaka, unibertsoko arazo handiek eraginda.

Filosofiak dena hankaz gora ipintzen du.

Filosofiak dena zalantzan jartzen du, mundua hankaz gora ipintzen du. Sineste, ideia, aurreiritzi... guztiak zalantzan ipintzen ditu. Ikasleei askotan adibide hau ipintzen diet:

  • Irakaslea: Zer da mahai bat?
  • Ikaslea: Zer izango da, ba? Taula lau bat, lau hanka dituena.
  • Irakaslea: Baina hanka bakarra badu, ez al da mahaia?
  • Ikaslea: Bai noski. Mahaia hanka bat baino gehiago izan ahal dituen taula laua da.
  • Irakaslea: Eta taula borobila bada?
  • Irakaslea: Bueno, taula lau edo borobila duen eta euskarri bezala hanka bat baino gehiago duen objektua da.
  • Irakaslea: Eta hori ezin da aulki bat izan, ala?
  • Ikaslea: Bai, baina mahaia idazteko erabili ahal dugu, adibidez.
  • Irakaslea: Eta orduan aulki baten gainean idazten dugunean, aulki izateari uzten dio mahai bihurtzeko?
  • Ikaslea:

Filosofiak kritika barik barneratzen dugun guztia kolokan ipintzen du.

Filosofiarentzat dena da susmagarria

Filosofo izatea pelikula bateko detektibea izatea bezalakoa da, dena ikertu behar delako, dena delako susmagarria, ez delako sinestu behar agerikoa dena, baizik eta haratago joan behar garelako benetan gertatu denaz jabetzeko.

Filosofiak pentsatzen laguntzen du

Victoria Campsen arabera, filosofiak “pentsatzen laguntzen du”. Nolakoak izan nahi dugun edota nolako bizitza eduki nahi dugun erabakitzen laguntzen digu. Zer da zoriontasuna? Zer da justizia? Askeak al gara?... Bizitzako galdera garrantzitsuenak, gehien eragiten gaituztenak, aztertzen ditu filosofiak.

Gaitasunak eta trebetasunak garatzeko lagungarria

Filosofiak gaitasun eta ahalmen asko garatzen laguntzen digu. Eztabaidatzeko, argudiatzeko, konbentzitzeko, idazteko, ideiak ordenatzeko eta antolatzeko, testu abstraktuak eta zailak irakurtzeko... lagungarria da.

Filosofatzen adimena trebatzen dugu

Gure gorputzak kirola behar duen bezala, gure adimenak ere entrenamendua behar du eta filosofatzea oso ariketa osagungarria da, hobeto bizitzen ere lagundu ahal digulako. Azken finean, gizaki guztiok kezka berberak ditugu eta horregatik, besteek arazo beraren aurrean zer pentsatzen duten irakurtzea lagungarria izan daiteke..



alaia saenz

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz naiz, filosofian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea, baina batez ere 2 umeren ama naiz eta beren garapen pertsonalak kezkatzen nau.

Ama izateak nire interes-gunea aldatu du eta horregatik umeen hazkuntza eta filosofia uztartzen dituen bloga idazten hasi naiz. Ikuspuntu filosofikotik, klasikoen pentsamenduan oinarrituz, umeen hazkuntzarekin lotutako gaiak aztertzen ditut.



 

También puede interesarte...

Escribir un comentario


Código de seguridad
Refescar