umea ez da otsoa

Homo homini lupus. Hobbesen arabera, gizakia otsoa da gizakiarentzat. Edozein gauza egiteko gai da bere biziraupena bermatzeko, bere helburu nagusia bizirik irautea baita. Gizakiari buruzko ikuspegi ezkor hau guraso, aitona-amona eta lagun askoren pentsamoldearen oinarrian dagoela dirudi, haurtxoek desafiatzen, adarra jotzen, engainatzen, manipulatzen gaituztela pentsatzen dutelako.

 

Baina nola manipula dezake bere gorputzeko mugimenduak menperatzen ez dituen edo bere buruaren existentziaz kontziente ez den jaio berri batek pertsona heldu eta arrazional bat? Zenbat aldiz entzun behar izan dugu “ume honi ez zaio ezer gertatzen, begiratu bere aurpegia, ume honek ez du negar-malkorik, hartu eta negar egiteari uzten dio”? Badirudi altzoan egotea ez dela beharrizana, izaki berekoi baten gutizia baizik. Izan ere, jaiotzen garenetik izaki berekoitzat hartzen gaituzte. Etekina lortzeagatik gehien maite ditugunak engainatzeko gai omen gara.

Hortaz, haurtxoa bere familiarentzako “otsoa” bihurtu denez, bere tutoreak ere umeaz arduratu ahal izateko autoritarioak bilakatu behar dira, euren artean botereagatiko borroka sortzen baita. Honen oinarrian ere Hobbesen pentsamoldea dagoela dirudi, filosofo honentzat Estatuak herritarrak “zaintzeko” (menperatzeko) botere absolutoa izan behar duelako. Botere edo autoritate hau herritarren mesederako omen da, eskubideak galtzen dituzten arren, bizitza, segurtasuna eta bakea bermatzen dituztelako.

Halaber, “manipulatzen” uzten ez diren guraso autoritarioek behar fisiologikoak lehenesten dituzte (janaria, arropa, garbitasuna…), behar emozional eta afektiboak 2.mailan utziz, hala nola, altzoan edo berarekin egoteko beharra. Beraz, behar fisiologikoak asetzen diren arren, zer gertatzen da umearen erabateko garapen edo gogobetetasunarekin? Eta herritarrarenarekin, Hobbesen erregimen absolutistan?

Beldurra da, beharbada, ordena eta obedientzia lortzeko modurik errazena. Eta autoritarismoa, hain zuzen ere, beldurra eta zigorraz baliatzen da. Baina benetan eraginkorra al da? Adibidez, osasun-larrialdi egoeran, gehiengoak obeditzen du eta etxean geratzen da kutsatua izateko beldurragatik. Hala ere, etengabe erabiltzen dugunean balioa galtzen duela uste dut eta dakartzan ondorioak oso arriskutsuak dira.

Azken finean, beldurra eta autoritarismoa epe laburrean hainbat helburu lortzeko eraginkorra izan daitekeen arren, oso kaltegarria da, umearen edo pertsonaren erabateko garapena galarazten duelako.

 

 


alaia saenz

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz naiz, filosofian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea, baina batez ere 2 umeren ama naiz eta beren garapen pertsonalak kezkatzen nau.

Ama izateak nire interes-gunea aldatu du eta horregatik umeen hazkuntza eta filosofia uztartzen dituen bloga idazten hasi naiz. Ikuspuntu filosofikotik, klasikoen pentsamenduan oinarrituz, umeen hazkuntzarekin lotutako gaiak aztertzen ditut.



 

También puede interesarte...

Escribir un comentario


Código de seguridad
Refescar