Umeak filosofo txikiak

Filosofia mirespenetik sortzen da, Aristotelesen arabera. Hasieran, gertuko gertaera arruntak eraginda hasten omen gara filosofatzen eta pixkanaka-pixkanaka, unibertsoko arazo handiek eraginda; nolanahi ere, bi auziak lotuta daudenez, batek bestera eramaten gaitu. Mirespenak, zoritxarrez, ez du asko irauten, arin ohitzen garelako inguratzen gaituenera eta, horregatik, jakin-mina erraz galtzen dugu.

 

Aristotelesen ustez, jakinmina da ezagutzara bultzatzen gaituena. Beraz, “filo-sofoa” (jakinduria maite duena) harritzeko gaitasuna duena eta jakin-minaren bideari ekiten diona izango da. Hortaz, nortzuk dira filosofo onenak? Beharbada inguratzen dituzten gauza guztiengatik galdetzen duten eta guri oso arrunta iruditzen zaigunagatik harritzen diren zoro txikitxo batzuk?

Hain zuzen ere, umeak. Beraiek dira izatez filosofoak. Tamalez, denbora aurrera doan heinean, mundua zerbait arrunta bihurtzen da eta harridura eta jakin-mina sortzeari uzten dio. 

Beraz, gure seme-alabek jakinduria lortzea nahi badugu, edo behintzat bilatzea, beren ilusioa eta jakin-mina bizirik mantendu behar dugu

Francisco Mora neurologo ezagunaren hitzetan, “kuriositateak, inguruan ezberdina denak eta nabarmentzen denak, emozioa pizten du. Eta berarekin, emozioarekin, arretaren leihoak zabaltzen dira, ezagutza sortzeko beharrezko fokua”.

Gainera, kasu honetan kontua ez da kuriositatea piztea, baizik eta ez amatatzearekin nahikoa da. Sarritan umeek egiten dituzten galdera guztiekin nekatu egiten gara, askotan errepikakorrak baitira edo une desegokian egiten baitituzte. Hala ere, zerbaiten zergatia galdetzen digutenean ez da komeni horrelako esaldiekin erantzutea:  “nik diodalako”, “hargatik”, “berriro esan behar dizut?”.

Behin lehenengo galdera erantzunez gero, galdera kate amaitezina askatzen dugu, eta eboluzionismoa eta heriotza bezalako gai zailei buruz berba egiten amaitu dezakegu. Nahiz eta oraindik galdetzen duten guztia ulertzeko gai ez izan, guk uste duguna baino askoz gehiago ulertzeko gai dira.

Pazientzia izan behar dugu eta interesatzen zaiena tabu barik eta ahalik eta modu errazenean azaldu behar diegu, adibide hurbilak ipiniz. Ase dezagun, beraz, beren jakiteko premia eta manten dezagun piztuta beren kuriositate grina.

 


alaia saenz

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz Orbe

Alaia Saenz naiz, filosofian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea, baina batez ere 2 umeren ama naiz eta beren garapen pertsonalak kezkatzen nau.

Ama izateak nire interes-gunea aldatu du eta horregatik umeen hazkuntza eta filosofia uztartzen dituen bloga idazten hasi naiz. Ikuspuntu filosofikotik, klasikoen pentsamenduan oinarrituz, umeen hazkuntzarekin lotutako gaiak aztertzen ditut.



 

También puede interesarte...

Escribir un comentario


Código de seguridad
Refescar